Bizkaiko Ur Partzuergoak tasak %9,35 igo ditu

El correo egunkarian argitaratutako albiste batek dio Bizkaiko Ur Partzuergoak %9,35 igoko dituela uraren tasak 2012an. Partzuergoko arduradunek diotenaren arabera, igoera hau Europako direktibak esaten duena betetzeko lehenengo urratsa bestarik ez da, hurrengo urteetan igoera berriak egongo direla aditzera emanez. Europako uraren inguruko direktibak zerbitzua emateko beharrezkoak diren gastu guztiak (inbertsioen amortizazioa barne) tasen bitartez berreskuratzeko obligazioa finkatzen du.

Albiste honek 2 hausnarketa egitera garamatza. Alde batetik, eta aurreko sarrera batean aipatu bezala, Otxandioko udalari araztegi berria egiteko finantziazioa ukatzen zaio Europako direktiba ez duela betetzen argudiatuta, eta Bizkaiko Ur Partzuergoak berriz ehundako miloi euro jaso ditu, honek ere Europako direktiba bete ez arren. Zergatik Otxandioko udalari ez eta Bizkaiko Ur Partzuergoari bai?

Beste alde batetik, eztabaidagarria iruditzen zaigu pertsonentzat hain garrantzitsua den errekurtso natural baten kudeaketa irizpide ekonomiko hutsetan oinarritzea. Koste guztiak (inbertsioen amortizazioa barne) tarifa bitartez errekuperatzea uraren kudeaketaren pribatizaziorako lehen pausua izan daiteke, eta jakina da oinarrizko behar bat merkatuaren esku uzten denean zer gertatzen den. Gasarekin, argindarrarekin edo etxebizitzarekin gertatu dena aztertzea besterik ez dago. Seguruenik ura gure etxeetako grifoan eskuragarri izateagatik gutxiegi ordaintzen dugu, baina gure ustetan horrek ez gaitu uraren kudeaketa irizpide ekonomiko hutsetan oinarritzera eraman behar.

Partekatu: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Iruzkinik ez

Utzi zure Iruzkina

*