OREKA kafe-tertulia

Gogoeta-prozesuaren baitako Oreka prozesuari dagokion kafe-tertulia urtarrilaren 23an ospatu zen. 16 herritarrek hartu zuten parte. Hemen kafe-tertuliak eman zuenaren laburpen bat:

Kafe-tertulian zehar gai desberdinak jorratu ziren eta baliabide energetikoen bueltan dagoen problematika nahikoa modu integralean eztabaidatu zen. Hasteko, energiaren arloan aldaketa momentu kritikoan gauden pertzepzioa hedatua dela nabarmendu dezakegu. Hurrengo analisi honek kokapen egokia ematen digu:

Krisi energetiko larri batean sartuta gaude. Krisi energetikoa eta krisi ekonomikoa gauza desberdinak dira, baina lotuta daude. Bakoitzak bere erritmoa dauka. Energia arloan kontuak askoz astiroago mugitzen dira, eta batzuetan ez gara aldaketez ohartzen, baina gauza larriak gertatzen ari dira:

  • Berriztagarriak ez diren energia baliabideak agortzen ari gara. Horrek dakar energiaren prezioa igotzea: etxean erabiltzen ditugun elektrizitatea eta gasa, autoetan erabiltzen dugun gasolina, gasolioa… (faktura elektrikoaren, gasaren eta gasolinaren gorakadak azken hamarkadan oso nabariak izan dira).

  • Energia-kontsumo sostegaezinen ondorioak gero eta larriagoak dira: istripuak zentral nuklearretan (Fukushimako istripua); beroketa globala eta klima-aldaketa (fenomeno atmosferiko bortitzak gero eta ugariagoak, poloetako izotz-plaken urtzea, itsas mailaren igoera); kontsumitzen ditu,gun erregaiak gero eta kutsakorragoak dira (fracking-eko gas eta petrolioa). Autopista elektriko berrien beharra ere kontsumo handitzearen ondorio zuzena da.

Arreta hartu zuen lehenengo gaia, Otxandion, orohar, etxeek duten isolamendu eskasa izan zen. Azken urteetako eraikuntzan ez zaio arretarik eman honi erregaiak erlatiboki merkeak izan direlako. Ondorioz, gaur egun sekulako hipoteka energetikoa daukagu eta honek ondorio zuzena du herritarren poltsikoetan. Tertuliakideek gai honi heltzearen beharra azpimarratu zuten.

Otxandiok, subiranotasun energetikoaren bidean, ingurune naturalak eskaintzen dituen baliabide energetikoak iraunkorki erabiltzeko aukerak ere eztabaidatu ziren. Jakina denez, aurrez egindako ikerketa lanetan Otxandion biomasa eta biogasa (Behi-aldeko hondakinekin) erabiltzeko aukera aztertu da. Udal ordezkariek bi proiektu estrategiko hauetan emandako aurrerapausuen berri eman zuten.

Elektrizitateari dagokionez, azken aldian sona hartzen ari diren “Energia gara” eta “Goiener” esperientzien inguruan ere aritu ginen.

Finean, bizi dugun krisi energetiko momentu honetan herri bezala proaktiboak izatearen premia nabarmendu zen, gutxiago kontsumituz (efiizientzia energetikoa hobetuz eremu desberdinetan) eta beharrezkoa dena alternatiba iraunkorrak erabiliz sortuz. Orain hamar urte herrian gas propanoa sartzea erabaki estrategiko txarra izan zela argi dugu gaur egun (agian ezinezkoa zen garaiei aurreratzea) eta horrek momentu honen dimentsioa erakusten digu, gaurko erabakiek baldintzatuko baitute etorkizuna.

Partekatu: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Iruzkinik ez

Utzi zure Iruzkina

*