URA kafe-tertulia

Gogoeta-prozesuaren baitan burutu zen lehenengo kafe-tertulia 2012ko abenduaren 5ean izan zen. 19 herritarrek hartu zuten parte. Eskuineko menuan aurkituko duzuen bide-orria aurkeztu eta eztabaidatu zen. Hona hemen han hitz egindakoaren laburpen bat:

Alkateak sarrera labur bat egin zuen Otxandiok uraren azpiegituren kudeaketa integralari dagozkion zein erronka dituen kokatzeko. Ziklo osoa hartuta (kaptazioa, banaketa eta arazketa) aurretik ditugun lanak asko dira. Zikloaren atal guztietan ditu Otxandiok hobetu beharrak.

Kaptazioari dagokionean, Udalari, 2012. urtean, Atxineko depositoan hobekuntzak egiteko dirulaguntza ukatu zaiola jakinarazi zen. Dirulaguntza honetarako aurkeztutako proiektuaren helburua Atxineko depositoan soilik Otxandiok beharrezko duen ura hartzea zen. Gaur egun, Atxinen kaptazioan ahal duen ur guztia hartzen da, Mainondora ekarri, potabilizatu, kontsumitzen den kopurua etxeetara banatu eta sobera dagoena berriz errekara bota. Honek bi ondorio kaltegarri ditu: Oletako errekaren kaudal ekologikoa ez dela bernatzen, batez ere uda partean. Bestetik, alperreko lana dela kontsumitzen ez den ura potabilizatzea. Sistema telematiko baten bidez Mainondon zenbat ur kontsumitzen den detektatu eta irrati-seinale batek Atxinen elektrobalbula bat zabaldu eta ixtea zen ideia, eta horretarako eskatu zen dirulaguntza.

Kaptazioari dagokionez esan behar da, aurtengo uda oso sikua izan delarik, gure manantialek ur emari ona dutela (kontsumitzen denaren bikoitza ematen dute gutxi gora behera). Erreken emari ekologikoa zaintzeari begira bi ekintza-ildo bereizten dira: kaptazioetan soilik kontsumitzen den ura hartu (telematikoki egin ezin den bitartean manualki egingo da), eta fugak zaindu, detektatu eta zuzendu.

Bigarren hizketa-gai nagusia arazketa izan zen. Jakina denez, orain bi urte araztegiaren inguruan Otxandiok duen arazoa azaldu zen Herritarren Kontseilu baten eta bi alternatiben inguruan eztabaidatu zen: lehena araztegi konbentzional bat eraiki eta honen amortizazio kosteak ezin jasatearen ondorioz Otxandio Bilboko Ur Patzuergoan sartzea (Bizkaiko Aldundiak aukera hau proposatu zion Udalari). Bigarrena, arazketa sistema merkeago bat diseinatu (inbertsio eta mantenu koste txikiagoekin) eta uraren kudeaketa herrian mantentzen saiatu. Kontseilu hartan arazketa sistema alternatibo bat aurkeztu zen (biodiskoak+padura sistema) eta gehiengoak bigarren aukera hau sakonago aztertzearen alde egin zuen.

Ordutik, Udalak harremanak izan ditu URA agentziarekin eta berriki Kataluniara bidaia bat egin du hango URA agentziaren baliokidea den teknikariekin araztegi sistema desberdinak ezagutzeko, eta horrela Udalak esku-artean duen arazketa sistema alternatiboa kontrastatzeko. Bisita honen berri eman zen kafe-tertulian. Oso interesgarria eta emankorra izan zen. Laister bideo bat eskegiko da bisita honek eman zuena laburtuz.

Partekatu: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Iruzkinik ez

Utzi zure Iruzkina

*