KIROLA kafe-tertulia

Abenduaren 19an ospatu zen kirolari dagokion gogoeta-prozesuaren baitako kafe-tertulia. 24 lagunek hartu zuten parte. Hona hemen tertulia honek emandakoaren laburpen bat.

Hiru gai nagusi jarri ziren mahai gainean:

Kirol-hezkuntza

Kirol-hezkuntzari dagokionez, Illuntxo pelota eskolako ordezkariek zein Miru-Gaineko ordezkariek krisi egoera jarri dute mahai gainean. Arrazoi desberdinengatik aldaketa momentu bat somatzen da. Inkonpatibilitatea ere egon daiteke multikirolaren, pelotaren eta futbolaren aukeren artean. Askotan solapatu egiten dira.

Bestalde, umeak Otxandioko eskolatik irtetzen direnean aukerak galtzen dituztela adierazi da, ez dagoela jarraitasunik. Saskibaloi taldea jarri da adibide.

Multikirolaren eredua interesgarritzat jotzen da. Alde batetik kirol desbedinetan trebatzea interesgarria da zaletasunak deskubritze aldera. Bestalde, kirol praktika funtzio hezitzaileari lotzen zaio eta genero perspektiba eta balore hezitzaileak zaintzen dira bereziki.

Multikirolaren eskaintza ere birformulatzearen beharra jarri da mahai gainean. Gure ingurune naturala balioan jarriz, mendi/basoak ezagutuz kirol-eskaintza zabaldu beharko litzatekeela.

Kirol-eskaintza

Otxandion adin guztietarako kirol-eskaintza beharko litzatekeela uste da, beti ere gure herriaren dimentsioaz kontziente izanda.

Hausnarketaren beharra ere badago kirol-eskaintzaren finantziazioari buruz. Eskaintza zabalduko balitz zer da diruzlagundu behar dena eta zer ez? Kriterioak finkatu behar dira horretarako.

Kirol-azpiegiturak

Otxandioko kirol-azpiegiturak aztertzerakoan, kontutan hartu behar dugu bertako eguraldia. Honela, azpiegiturak beharrezkoak egiten dira, gehien bat, Otxandioko negu luze eta gogorrean. Eguraldi epelagoarekin, herritarren perfil jakin batek kanpoaldean kirola egiteko joera omen du.

Frontoia

Frontoia hotza eta berotzeko zaila da. Hormetan kondentsazioak ematen dira eguraldi hotzaz.

Orokorrean, frontoiak bere erabilpena betea dauka. Herritar partikularrek erabiltzeko trabak egoten dira, kolektiboek erabiltzen dutelako. Kolektibo hauen arteko koordinazioa hobetu omen daiteke oraindik.

Eskertuko litzateke kanpoaldeko eremua, frontoi-aurrea, estalita egotea, beti ere erabilpen anitza hartzeko, multifuntzionala. Agian ez legoke zertan alboetatik itxi behar.

Beheko lokalen erabilpena hobetu behar dela argi geratu da, multifuntzionalitatean. Eskariak egon dira bertan rokodromo eta spinning erabilpenak ezartzeko. Tokia umela dela eta inundatzen dela ere jakina da. Bertan dutxak behar direnik ere aztertzekoa da, espazio laburrean dutxak ditugulako igerilekuan, frontoian eta gimnasioan.

Gimnasioa

Gimnasioa, berria izanik ere, guztiz beteta ditu bere erabilera-orduak. Positiboan baloratzen da bere erabilpen anitza. Bertako dutxak ez omen dira erabiltzen.

Piszina

Piszinako instalazioak, aldagelak barne, urtean zehar ez erabiltzea pena dela jaso da. Egoera egokian daude. Piszina neguan ere erabiltzea litzateke proposamenik popularrena. Horretarako igerilekuaren ingurua estali beharko litzateke, bertako ura berotu eta aldagelak klimatizatzearekin batera. Udan ere, uraren beroa ez galtzeko, gauez azaleko babesa jartzea proposatu da, lona bat edo.

Futbol zelaia

Mainondoko futbol-zelaiak bere azalean berdintze-lanak eskertuko lituzke. Belar artifiziala eskertuko luke, inbertsioa gehiegizkoa badirudi ere.

Ingurune naturala

Otxandioko ingurune naturalak kirolari asko dauka eskaintzeko, gehien bat eguraldi onaz.

GR eta PR ibilbideek mantenu sistematikoa behar dute.

Korrika egiteko zirkuitu konformatua eskatu da. Agian nahikoa da bidegorri eta auzo-bideetan kilometratze-markak jartzearekin; baina ibilbide berriak sortzea, hauen firmearen egoera, eta argiztapena aztertzekoak dira. Errepidetik edo hiri-lurretan korrika egitea erakargarri eta seguruagoa egiteko neurriak hartu daitezke.

Enbalsea hor izanda, ez dugu kirolerako erabiltzen.

Mendi-bizikletak garbitzeko estazioa antolatu daiteke; ur-giltza egokia, mangera eta sumidero batekin nahikoa litzateke. Gaur egun jendeak gasolindegian egiten ditu garbiketok, etxera bueltatu aurretik.

Beste batzuk

Gaztetxean rokodromoa izan badago, baina desplome gehiegizkoa duena. Hasi dira makina zaharrak jasotzen eta hauentzako lokala atontzen. Eskolako psikomotrizitate gela eskolaz kanpoko ordutegian erabiltzen hasi dira, umeentzako kirol-ekintza antolatuan.

Partekatu: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Iruzkinik ez

Utzi zure Iruzkina

*