EUSKARA kafe-tertulia

Urtarrilak 31, eguena, arratsaldeko 18:30ean hogeiren bat euskaltzale batu ginen EUSKARA gaitzat hartuta proposatutako kafe-tertuliara. Bertan, honako hiru galdera edo gairen inguruan jardun genuen ordubete inguruan:

1. Zela bizi duzu zure euskaltasuna herrian?

2. Ze bide jarraitu behar luke otxandioko euskalgintzak?

3. Zer egin belaunaldien arteko transmisioa indartzeko?

Otxandio = herri euskalduna?

Lehenengo galderari erantzunez, talde gehienetan aipatu zen Otxandio herri euskalduna denaren pertzepzioa oso zabalduta dagoela, bai otxandioarron artean eta baita kanpotarren artean ere. Pertzepzio hori baina ez omen dator guztiz bat eguneroko errealitateagaz, herrian gazteleraz ere asko eta asko entzuten delako. Gainera, otxandioarren perfil nagusia abertzalea eta euskaltzalea izanagatik ere, askorengan hizkuntzak leku zentralik ez duela ere ohartarazi zuten parte hartzaileetako batzuek. Gabeziak gabezi, herrian osotasunean euskaraz bizitzeko aukera izan badela ere nabarmendu zen, eta euskara eskoletan dagoen ikasle kopuru handiak euskaraz jakiteko behar bat adierazten duela ere bai.

Bitxikeria moduan, kanpotik Otxandiora bizitzera datozenen perfila euskalduna eta kulturgintzan aritua dela ere aipatu zen.

Gizarteak izan behar du protagonista

Egituraketari dagokionez, Otxandioko euskalgintzan herritarren parte hartzea indartzeko beharra aipatu zen, eta horretarako gaur egunean sortuta dauden egiturak indartzea izan behar duela bidea. Gaur gaurkoz ez da somatzen herriko euskalzaleak batuko lituzkeen egitura berririk sortzeko beharrik. Hala ere, hizkuntzaren berreskurapenaren inguruko lana instituzioetan delegatzeko arriskua ere badela ohartarazi zuen zenbaitek. Hizkuntza motibazio nagusi eta bakarra duen eta zatiketa politikoa gainditzeko gai izango den parte hartzea lortu beharra dagoela aipatu zen.

Ekimenen arloan berriz honako proposamenak jaso ziren:

  • Euskaldun zaharrentzako alfabetatze klaseak
  • Kuadrila desberdinetako “liderrak” identifikatzea eta beraie kontzientziazio tailerrak eskaintzea edo konpromisoak lortzea.
  • Maila pertsonalean lan egin behar dela eta horretarako militantzia edo konbentzimendua eskatu behar dela.
  • Ekimen askotan politikoki zuzena izatea nahikoa da parte hartzeko. Aurrerago joan behar da.
  • Dimako esperientzia eredugarria da. 200 Herritarrek euskaraz bizitzeko asmoa publikoki adieraztea.

Hizkuntzarekin batera portaerak ere transmititzen ditugu

Otxandioarren gehiengoa euskalduna da baina beharbada transmititzen diharduena eta trasmititu gura lukeena ez datoz bat. Hizkuntza transmisioan, kultura eta hizkuntzarenganako jarrera eta portaerak ere tranmistitzen direnaren kontzientzia zabaldu behar dela aipatu zen. “Umeari euskaraz egin eta bikotekideagaz eradaraz egiteak transmititzen duena da euskara ez dela nagusien arteko komunikaziorako hizkuntza. Bereziki euskalzalea den pertsona bat aurrean dela euskarara pasatu eta hura joatean erdarara pasatzeagaz transmititzen duguna euskara politikoki zuzena izateko tresna baino ez denaren ustea da.” Erronka portaera eta uste horiek aldatzea da askoren ustez. Kontzientziazioa aurrez aurreko hausnarketaren bitartez lantzea, euskalduntasun sentimenduak elkarbanatzea eta horren ostean hartu ahalko lirateken balizko konpromisoak publiko egitea izan daiteke eregiteko bideetako bat.

Bestalde hitanoaren transmisioan etena izan dela eta etorkizunean arlo horretan ere lan egitea interesgarria izan litekeela aipatu zen.

Amaieran omenalditxoa Maitereri

Hausnarketa saioa amaitu aurretik, iaz jubilatu zen Maitere andereñoari, euskalgintzan egindako lana eskertzeko oroigarri bat eman zion Nekane Ortiz de Zarate batzordeburuak. Oroigarriaren grabatuan honako mezua jarri zaio: “Otxandioko herriak eskerronez, gure seme-alabak euskaraz hezten egin duzun lan ederrarengatik”.

 
Partekatu: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Iruzkinik ez

Utzi zure Iruzkina

*