Lehenengo auzokonpost-etxola martxan!

Badira hiruzpalau hilabete Otxandioko plaza nagusian herritarrak konposta egitera animatzen saiatu ginenetik. Harrez gero, ia 100 familia gara auto-konposta edo auzo-konposta egiten hasteko izena eman dugunok. Mezu hau, berri onak emateko da: hastera goaz!

Proiektu honetarako Bizkaiko Aldundiak eskaintzen dituen diru-laguntzak agortuta badaude ere, Otxandioko Udalak emandako 12.000€-tako diru partidari esker, posible izango dugu herrian bi auzo-konpost gune jartzea. Honez gain, herritarroi aurretiko argibideak ikastaro baten bidez ematea eta konposta egiteko beharrezkoa dugun materialaz hornitzea ere posible izango da diru honekin. Gerora, 2016. urteko Aldundiaren diru-laguntza eskuratzeko itxaropena dugu; eta ziur gaude, ordurako gehiago izango garen konpost-kide guztiok gure auzoetan edota norbere ortuan konpost-gune bat izango dugula.

Aurreko lerroetan esan bezala, hastera goaz! Horretarako eskola eta Indusi ingurua aukeratu ditugu proiektu pilotu hau abian jartzeko.

Batetik, haurrak gure etorkizuneko giltzarri gisa ikusten ditugu; gelan, jantokian zein jolasgunean hondakinen sailkapena egitearen garrantziaz haurrek kontzientzia hartzea nahi dugu; eskolan ohitura dutena, etxeko egunerokoan ere ohitura bihurtuko den itxaropenarekin.

Bestalde, Indusi ingurua (Ospital kale, Indusibide, Omega, Errementeri plaza, Eleizabarri barne) auzo-konposta egitera jende gehien animatu den auzoa izanik, bigarren konpost-gunea bertan jartzea pentsatu dugu.

Hau ordea, bolondresek osaturiko proiektu baten hasiera baino ezta izango. Ondoren, bi gune hauek erakutsitakotik, beste auzoetakoak zein norbanakoen ortuetako guneak antolatzera joko baitugu.

Hau horrela izanik, azarotik aurrera konposta egiteari ekingo diogu Indusi inguruko 20 familiekin. Ondoren, eskolako haurrek bide berdinari ekingo diote eta azkenik, 2016an, gainontzeko auzoetako eta norbanakoen ortuetako konpostajeetan jarriko ditugu gure indarrak.  

Partekatu: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Iruzkinik ez

Utzi zure Iruzkina

*