fondoa1

tituloa

Bere etorkizuna irudikatzeko gai ez dena korrontearen menera ibiltzera kondenatua dago, eta oso litekeena da kontzienteki erabaki ez duen norabide bat hartu eta desira ez duen eskenatoki batean bukatzea. Hau ekidin asmoz, urte luzez jardun dugu Otxandion etorkizuna irudikatzea helburu zuen gogoeta prozesu sakon baten murgilduta. Gogoeta hori nahi izan duen herritar ororekin nahiz aditu ezberdinekin konpartitu da, eta web orrialde honetan jasotzen den Herri-ola egitasmoa da hain zuzen ere prozesu sakon horren fruitua. Gogoeta prozesu honek egun indarrean den garapen ereduaren irakurketa orokor bat izan du abiapuntu, eta garapen eredu horrek gure ingurune hurbilean duen eragina aztertu du.

Ezin ukatu daiteke hazkundea oinarri duen garapen ereduari esker herrialde garatuen bizitza maila nabarmen hobetu dela, eta horrek eragin oso positiboa izan duela herrialde hauen bizitza kalitatean. Baina egia da neurri berean, garapen eredu honek oinarrian duen baliabide natural eta energetikoen gehiegizko esplotazioak, eta kapitalen etengabeko akumulazioak, egiturazko arazo sozial eta ekologiko larriak sortu dituela.

Guzti honengatik, nahiz gogoeta prozesuan aztertutako beste hainbat aspekturengatik, gaur egunean indarrean dagoen garapen eredua dimentsio anitzeko krisian murgiltzen ari dela ondorioztatu daiteke. Sei arlo nagusitan bizi den egoerak egiten du bizi dugun krisia dimentsio anitzeko krisi:

Balioen krisia

Gaur eguneko garapen ereduak giza baloreekin bat ez datozen hainbat jarrera eta portaera saritzen ditu, hala nola, egoismoa, indibidualismoa, kodizia, arinkeria, gehiegizko lehiakortasuna, etb. Honek, portaera hauek erreproduzitzen dituen gizarte eredu bat eraikitzera eraman du; elkartasuna, konpromisoa eta austeritatea bezalako baloreak alde batera utziz. Testuinguru honetan, hezkuntza sistemak ez du gaitasunik izan joera hauek orekatu eta beste balio humanoago batzuetan oinarritutako gizarte eredu ezberdin bat bultzatzeko.

Krisi soziala

Gizadiaren %70-ak ezin ditu bere oinarrizko beharrak ase. Zentzu honetan, hirugarren munduko herrialdeek bizi dute egoerarik latzena, zeinetan jana, osasuna, hezkuntza edo etxebizitza bezalako oinarrizko beharrak gutxi batzuen pribilegioak diren. Baina arazo hau ez da herrialde pobreetara mugatzen, eta honen adibide da Euskal Herrian biztanleriaren behar material oinarrizkoak asebetetzeko dauden zailtasun objektiboak. Honen aurrean, gero eta nabarmenagoa da interes-gune ezberdinek baldintzatutako demokrazia ordezkatzailea ez dela gai egoera honi buelta emateko.

Krisi finantziero-ekonomikoa

Finantza sistemak “krak” egin du, eta horrek ekonomia krisialdi larrian murgilarazi du. Gertatutakoak kolokan jarri du indarrean dagoen sistema ekonomikoaren bideragarritasuna, eta agerian utzi du bere egiturazko ezegonkortasuna. Ezagunak dira krisi ekonomiko-finantzieroak gure inguruan utzi dituen ondorioak: langabezia, prekaritatea, etxe-kaleratzeak, etb. Guzti honek, logika lukratibotik aldenduko den ekonomi eredu berri baten inguruko eztabaida mahaigaineratu du.

Krisi ekologikoa

Etengabeko hazkundearen logikak gure planetaren muga fisikoetara hurbildu gaitu, eta gero eta nabariagoak dira errekurtso naturalen xahutze masiboak planetaren orekan eragiten dituen kalteak. Honen adibide dira aldaketa klimatikoa, hondakinen gehiegizko produkzioa, deforestazioa, lurraldearen zementazioa, lehorteak, etb.

Krisi energetikoa

Peak-oil deritzon puntura, hau da, petrolio eskariak produkzioa gaindituko duen puntura hurbiltzen ari gara, eta honek, petrolio merkearen aroari bukaera emango dio. Energiaren prezioaren gorakadak eragin zuzena izango du elikagaien prezioetan nahiz bero eta elektrizitate fakturetan. Energia urriko mundu berri eta ezezagun batera goaz ezinbestean.

Krisi demografikoa

Mundu mailan ematen ari den demografiaren hazkundeak denontzako behar adina elikagai eta errekurtso natural egongo ez den eskenatoki batera eraman gaitzake, horrek sortuko lituzkeen desoreka guztiekin. Oinarrizko errekurtsoen kontrola helburu duten guden hedapena, nahiz elikagaien prezioen gorakada izan daitezke eskenatoki berri honen ondorio nagusiak.

Egoera global honen aurrean hautu bat egitera behartuta gaude: Datu eta gertaera objektiboek egiaztatzen duten errealitatea ez onartzea, edota arazo hauen soluzioa etorkizuneko balizko aurkikuntza zientifiko-teknologikoen eta botere-gune ezberdinen gaitasun eta borondatearen esku uztea; edo arazoaren larritasunaz kontzientzia hartu, eta nor bere ingurunean, garapen eredua berrasmatzea helburu duen prozesu berritzaile eta dinamiko batekin konprometitzea.

Gure herriaren etorkizuna irudikatu eta eraikitzea helburu duen Herri-ola prozesua bigarren hautu honetan kokatzen da, eta bi ideia jasotzen ditu bere baitan:

Bat: Nahiz eta gaur egun daukagun kontsumo maila nabarmen murriztera behartzen gaituen, bizitza kalitatea (eta ez bizitza maila) helburu duen eta iraunkortasuna oinarri duen garapen eredua oraingoa baino hobea izango denaren konbentzimendua. Hau da, gizakion behar material, emozional eta sozialak hobeto orekatuko dituen garapen eredu ezberdin bat eraikitzea posible dela.

Bi: Hobe dela zain egon beharrean aurrea hartu eta etorkizunerako prestatzea. Etorkizuneko eskenatokia irudikatzen asmatu eta gaurtik prestatzen hasten diren herriak, etorkizuna sufritu beharrean, berau bizitzeko oinarriak jartzen ariko direlako.

Orrialde honen goialdean ‘bagara eta bagoaz’ film laburra aurkituko duzue. Orain arte egindako herrigintza lana balioan jarri eta omentzeaz gain, Herri-ola egitasmoa ezaugarritzen duten hainbat kontzeptu transmititu eta gure herria etorkizunera proiektatu ahal izateko oinarriak jaso nahi izan ditugu bertan.

Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.