Parte-hartzeaz eta politikagintza ereduaz asko hitz egiten den garaietan bizi gara, demokrazia formala eta bere instituzioen zilegitasuna ezbaian jartzen ari den garaietan. Otxandion urteak daramatzagu parte-hartze politikak garatzen, esperimentatzen, ikasten; eta urte luzeetako gogoetaren ondoren gobernantza eredu berri bat definitzera heldu gara.

Jarraian aurkezten dugun hau gure herriaren berezitasunetara eta Herri-ola egitasmoaren beharretara egokitzen den gobernantza eredu berri bat da. Hiru dira eredu honen oinarriak:

  • 1. Herritarrak ez dira eskubidedun objektu pasiboak, eskubide eta betebeharren jabe diren subjektu aktiboak baizik.
  • 2. Alderdi politikoen gainetik komunitatea da subjektu eratzailea.
  • 3. Demokrazia zuzena du helburu.

gobernantza_img

gobernantza

1. PROZESUEN BATZORDEAK

Herrigintza prozesuetan proiektu konkretuak garatzen dira. Proiektu hauen garapenerako guneak dira prozesuen batzordeak. Gune irekiak dira, edozein herritarrek har dezake parte. Lanerako metodoak zein batzarren maiztasuna batzordeko kideen artean adosten dira. Batzorde bakoitzak hartu-eman iraunkorra garatzen du bere herrigintza prozesuarekin lotura duten udal batzordeekin.

2. HERRITARREN SAREA

Herrigintza prozesuan parte hartzen duen herritarren sarea. Parte-hartze hau askotarikoa izan daiteke, aktiboagoa edo malguagoa. Edozein kasutan, sarekideek prozesuaren nondik norakoen berri jaso dezaten komunikazio bideak bermatzen dira.

3. PROZESUAREN ZAINDARIAK

Batzordeko kideen artean adostasunez hautatutako pertsonak, zeintzuek herrigintza prozesu horretako partaideak ordezkatzen dituzten Herri-ola batzordean.

4. HERRI-OLA BATZORDEA

Herri-olaren ikuspegi osoa duen batzordea. Herri-olaren kudeaketa estrategikoa egitea dagokio. Prozesuetako zaindariek, Herri-olako koordinatzaileak, alkateak, beste bi udal ordezkarik (ordezkaritza duten alderdi bakoitzeko banak) eta garapen teknikariak osatzen dute batzordea. Deialdiak zabalak dira eta edozein herritarrek du bertaratzeko aukera. Hileko lehenengo astelehenetan batzen da, Mainondoko eskolan, 19:00etan. Koordinatzaileak dinamizatzen du Herri-ola batzordea. Koordinatzailea batzordekideek adostasunez hautatzen dute.

5. FOROA

Herrigintza proiektu baten gainean eztabaidatu eta hausnartzeko batzar irekia. Herri-ola batzordea da foroaren deitzailea. Deialdia herritar guztiengana heltzeko komunikazio bideak lantzen dira.

6. HERRITARREN KONTSEILUA

Batzar ireki deliberatiboa. Kontseiluak herritar guztiei dei egingo die herrigintza proiekturen baten proposatzen den urrats kualitatibo bat deliberatzeko. Herri-ola batzordea izango da Herritarren kontseiluaren deitzailea. Deialdia herritar guztiengana heltzeko komunikazio bideak lantzen dira. Emaitzak Udal Osoko Bilkuran hartu beharreko erabakia baldintzatzen du.

Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.