fondoa2

zer_da_eu

Herri-ola Otxandioren etorkizuna eraikitzeko herrigintza egitasmoa da. Bertan, otxandiotarren bizitza kalitatea hobetzea helburu hartuta, herritarren parte-hartzearen bitartez garatutako ideia eta proiektuak aurkitu daitezke. Horrekin batera, herritarren kontzientzian ere eragin nahi du, etorkizun justuago, orekatuago eta demokratikoago bat eraikitzeko borondatearekin.

MISIOA

Hazkundean oinarritutako garapen eredu batetik, bizitza kalitatea helburu duen, eta elkartasuna, iraunkortasuna, euskalduntasuna eta herritarren parte-hartzea oinarri izango dituen garapen eredu justuago bateranzko trantsizioa gauzatuz Otxandioren etorkizuna eraikitzea.

BISIOA

Diskriminazio mota oro gaindituta, bere herritarrei eskaintzen dien bizitza kalitateagatik eta gizarte eraldaketan egindako ibilbideagatik Euskal Herrian eredu izango den herria.

IZAERA

Herri-ola eraldaketa egitasmo dinamiko, ireki eta zabala da, zeina eragile ezberdinen ekarpenen bidez etengabe eguneratu eta elikatu beharra dagoen. Zentzu honetan, ez da denbora horizonte zehatz bati lotutako egitasmoa, baizik eta bukatze data idatzi gabe duen herrigintza prozesu dinamiko, ireki eta zabala. Egitasmo honen garapenak izango duen erritmoa bertan inplikatutako eragileek finkatuko dute, eta, zentzu honetan, erritmoa baino, eman beharreko pausuen inguruko adostasun zabala bilatzeak eta oinarri sendoak ezartzeak izango dute lehentasuna.

Herri-olaren protagonista nagusia Otxandioko herria den arren, ez da udalerriak hartzen duen espazio geografikora mugatzen, gure bailara naturalari begira, hau da, Oihandi bailarara (Anboto, Gorbea eta Urrunagako urtegiak osatzen duten bailarara) begira landutako egitasmoa da. Honek, bailara honetako gainontzeko udalerriekin egitasmo hau konpartitu eta elkarlanerako esparruak lantzera behartzen gaitu.

Orrialde honen goialdeko bideoak Herri-olak epe labur-ertainean jorratuko dituen lehentasunen berri ematen du.

Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.