Prozesu honetan hondakinen produkzioa murriztu eta gaikako bilketa bultzatzeko ekimen ezberdinak landuko dira. Helburua ahalik eta hondakin kopururik txikiena produzitu eta ahalik eta kopuru handiena berrerabili eta birziklatzea da, horretarako hondakina zabor gisa tratatu ordez lehengai gisa tratatuz. Zentzu honetan, gaikako bilketa bultzatzen duten sistema ezberdinak aztertuko dira, gure herriarenezaugarrientzat egokiena izan daitekeena proposatuz.

Era berean, materia organikoa herrian bertan aprobetxatzeko egon daitezkeen aukera ezberdinak aztertuko dira, batez ere energia produkziora edo konposta egitera bideratzeko egon daitezkeen aukerak ikertuz.

Inaustutako adarrak konposta egiteko

Orain arte, herriko hondakin berdeak (lorategietako belarrak, inaustutako adarrak…) bazter baten bota edo zabortegira eramaten ziren. Hemendik aurrera, dena triturau eta konposta egiteko erabiliko dira. Helburua, zabor gitxiago sortzea da. Horra hor, gai hau oinarri, “Anboto” komunikabideak idatzitakoa.

Auzo-batzarrak

BADAKIZU HOLAN JARRAITUZ GERO, BASURA-TASA GERO ETA GEHIAGO GARESTITUKO DALA?   Otxandion, hondakinen % 26a bakarrik birziklatzen da. Gainontzeko %74a kontainer grisera botatzen dogu eta ostien zabortegira erueten da. Birziklatutako hondakinek tratetie debalde dan bitartean, kontainer grisera botatako basurie tratetie oso garestidxe da (57.166€). Informaziño gehiago ta soluziñuen barri auki gure badozu, GERTURATU KALIEN EGINGO DIREN AUZO-BATZARRETARA.  

Konpostatzea aurreztea da

Etxeko janari hondarrak konpostatzearen garrantziaz ohartarazi nahi du Zero Zaborrek martxan jarriko duen kanpaina berrian. “Kopostantzea aurreztea da” leloa daraman kanpaina berriarekin, herritarrak kontzientziatu nahi dira etxeetako janari hondarrak selektiboki batu eta konposta egitera bideratzeko. Ingurumen arrazoietatik haratago, arrazoi ekonomikoei ere garrantzia eman nahi zaie kanpaina berri honetan. Gero eta hondakin gehiago birziklatuz eta konpostatuz, ingurumenari mesede, eta herritarren poltsikoei mesede egingo zaiela argi utziz.

Abenduan 13ko azoka

Pasa den igandean azokan egon ginen Otxandioar gehiago konposta egitera animatzeko. Horrez gain, hondakinak murrizteko herritarrok erabili genitzazkeen produktuen adibide batzuk ere erakusgai izan genituen. Eskerrik asko standera hurbildu zineten guztioi!  

Primeran gabiz!

Letxerian kokatu dugun etxolan martxa ederra daramagu! Ia bete dugu etxolaren laurden bat! Ez hori bakarrik, konposta ongi egin dadin beharrezkoa den tenperatura ere lortu dugu! Honek itxura ederra dauka! Biba zuek!

JOSTAILU ETA LIBURU TRUKE MERKATUA

Mainondo Guraso Elkarteak eta Otxandioko ludoteka kudeatzen duen Txatxilipurdi Elkarteak, jostailu eta liburuen truke merkatua antolatu dute abenduaren 17rako. Zero Zaborretik ekimen hau txalotu nahi dugu, jakin baitakigu hondakinak birziklatzea baino garrantzi handiagoa duela berrerabilerak. Kasu honetan, norbaitek behar ez duen liburu edo jostailu hori zakarrontzira bota beharrean, beste pertsona bati ematean objetu hori berriz erabili eta bigarren “bizitza” bat ematen zaiolako.